Gernika-Lumo eta inguruak ezagutzeko ibilbideak

11. ibilbidea. Muxika aldera, sorginen antzera

Gernika-Lumo - Kanpantxu - Mentxeta - Laubide - Okanabaso - Eperlanda - Berroia - Ajuria - Askari - Oka

  • Luzera: 13,2 km
  • Gehienezko malda: 295 m
  • Zailtasun maila: Baxua

Badira gure eskualdean euskal mitologiaren lekuko mutuak, antzinako sinesmenekin zer ikusia duten lekuak: Eperlanda (Muxika), Lamiñerreka (Gernika-Lumo), Dantzaleku (Ibarrangelu), Lamiaran (Mundaka)... Leku hauetako asko ikertzen ibili zen Joxe Migel Barandiaran gure eskualdean.

Txango honetan Muxikako Eperlandatik pasatuko gara, Okanabasoko parajean, Peru eta Marixe egon ziren lekutik hurbil. Horretarako Gernikatik abiatu eta Bekoibarra zeharkatuko dugu, Oka erreka ertzera heltzeko. Saihesbide azpian eskumako bidea hartuko dugu, Oka erreka ertzetik Arabietako zubiraino heltzen den bidea.

Antzina erdi puntuko arkudun zubi eder batek batzen zituen Gernika-Lumo eta Ajangizeko ertzak. Zubi barriaren azpitik igarotzen da Oka ibaia, gure eskualdeko ibairik nagusiena.

Eskumako auzo errepidean gora joko dugu, Lurraskaren albotik Mentxetatorrera heltzeko. Aurrerago, Laubideko bidegurutzean zuzen jarraitu behar dugu, baina Peru eta Marixeren istorioa ezagutu nahi badugu eskumarantz desbideratuko gara ,200 m inguru.

 

Laubidetik aurrera, Borikena baserritik hurbil dago Eperlanda. Honen albotik igaro eta mendi eta basoak zeharkatu beharko ditugu, aldapan gora, harik eta Berroia auzora heldu arte.

Zoragarria da benetan Berroia auzotik itsaso aldera dugun ikuspegia, Oka errekaren arroa eta bera mugatzen duten mendi-tontor eta basoak; eta han hemen, auzoak eta herriak.

Berroia auzoan mahastiak dira nagusi. Bizkaiko txakolina ekoizten dute bertako upategian: Agirrebeko eta Berroja.

Errepideak lotzen ditu Berroia eta Ajuria auzoak. Azken hau zeharkatu beharko dugu Askariko bidea hartzeko. Bikaina da benetan tontor txiki eta ezezagun honek eskaintzen digun ikuspegia. Okako arroaren bihotzean dago eta bitxia da benetan bere panoramika.

Bide zaharrak lotzen zuen Askariko tontorra Oka auzoarekin. Kontu handiz, baina ikuspegi eta baso eta bideen edertasunaz gozatuz, Oka auzora jaitsiko gara.

Jauregia, ermita, errotak... Aberatsa da auzo honen ondarea. Oka auzoko gasolindegian hartuko dugu autobusa. Kontuz errepidean!

Eskuratu hemen mendira joateko behar duzuna


©2017 Gernika-Lumoko Udala