Ezagutu gure bazterrak
Gernika-Lumo, mendialdetik ibarreraAntzinako kontuak, mitologian
Antzinako jainko eta pertsonaien kontuak askotarikoak izan ziren garai batean, sutondoan, berbetan, familia osoa batzen zen garaian. Kontu horietako asko galdu egin dira, baina Barandiaranek Euskal Herrian zehar hauen bilduma ederra egin zuen. Muxikan ere izan zen kontu zaharrak biltzen...
Antzina, Muxika eta Ajangiz udalerrien arteko mugatik gertu, Okanabason, gaztainondo zahar eta berezi bi zeuden: PERU eta MARIXE. Hauen itzalpean tratuak eta salmentak egiten ziren, baina ezkontzak ere bai, Peru eta Marixe lekuko zirela.
EPERLANDA Okanabason, muino biren artean dagoen landatako bat da. Kondaira zaharrak dioenez bertan sorginak batzen ziren, akelarrean.
Askari, tontor txiki
Oka eta Zugastieta artean badago Askari izeneko tontor txiki bat. Altuera txikikoa bada ere handia eta parerik gabekoa da eskaintzen duen ikuspegia. Iparraldera begiratuz gero ikusgarria da Gernika aldera dagoen ikuspegia. Errege-bide zaharraren gainean eraiki zen errepide berria, Oka ibaiaren parean doan ardatz zuzena.
Hegoaldera begira jartzen bagara Arburu mendia eta Gorozika auzoak ikusten ditugu eta atzerago Autzagane mendatea.
Baso misto eder batek estaltzen du Oka aldera mendi honek duen magala. Bertan aurkitzen ditugu haitz artean haritzak, gaztainondoak, lizarrak... eta errekatik gertuago haltzak.
Garai batean asko izan baziren ere, gaur egun urriak dira mota honetako baso aberatsak.