Gernika-Lumo eta inguruak ezagutzeko ibilbideak

19. ibilbidea. Sollube mendiaren magalean

Axpe - San Bartolome - Larrago- Zabala - Tribisburu - Pagozarreta - Urkiobe - Pakotene - Portuondo - Sukarrieta

  • Luzera: 15,5 km
  • Gehienezko malda: 510 m
  • Zailtasun maila: Ertaina-altua

Axpetik abiatu eta Sukarrietan bukatuko den txangoa da hau, bidean Sollube mendiaren magaleko ondare aberatsa ezagutzeko aukera eskainiko diguna. Bertan ikusi hal izango ditugu, besteak beste, ondare megalitikoa, aztarnategi erromatarra, paisaian deigarriak diren basokortak, Busturiko Goierri, San Bartolome eta Axpe auzoak...
Axpetik San Bartolomera hurbilduko gara lehenik, ermita, baserria eta mahats parren edertasunaz gozatu ostean Goierrira igotzen den bidea hartzeko (jarraitu puntutxu horiak). Hormigoizko pistara heltzean Larragoko eskolara hurbildu eta han, mendian gora abiatzen den pista hartuko dugu Pagozarreta baserri albotik eta Añabustiko trikuharri ondotik pasatzen den bidea. Tribisburuko goi larreak zeharkatuko ditugu ikuspegiaz gozatzen dugun bitartean eta jarraian erromatarren garaiko nekropolira helduko gara, 500 metroko altitudean.
Ez zuten nekropolia eraikitzeko leku txarra aukeratu. Baina non bizi ziren bertan erraustutako pertsonak? Argitzeke dago.

Tribisburutik  berriro atzera egin, goi larreak zeharkatu eta Añabustiko trikuharrira heldu aurretik ezkerreko pista hartuko dugu, Zabalera jaisteko. Arrautza ekologikoak ekoizten dituzte bertan. Larrazabaletik Larragoko pistara bueltatu eta Urkiobera joango gara, herri-bide zahar ederretik. Handik Pakotenera igoko gara, Katillotxuko mendilerroan. 
Pakoteneko trikuharri albotik igaro eta aldapan behera jarraituko dugu, bidegurutze nagusi batera heldu arte. Han aurrez aurreko bidetik jarraitu beharko dugu, mendian behera doan baso bide batetik, Sospetxu eta Agirre baserri albotik igaro ostean Mundakako hilerrira heltzeko. Handik Portuondoko begiratokira jaitsiko gara, errepidearen bestaldean. Ederra da txoko berezi horrek eskaintzen digun itsasadarraren ikuspegia. Aurrez aurre Laida hondartza eta Atxarre mendia eta honen artadia ikusi ahal izango ditugu. 
Portuondoko kanpina zeharkatzen duen auzo bidetik Sukarrietara helduko gara, txango honen amaiera puntura.

Eskuratu hemen mendira joateko behar duzuna


©2017 Gernika-Lumoko Udala