Gernika-Lumo eta inguruak ezagutzeko ibilbideak

16. ibilbidea. Oroimenaren bidea

Ezagutu gure bazterrak

Gernika-Lumo, mendialdetik ibarrera
  • Kosnoagako zelataria

    Urtarrilaren 4an, Bilbo bonbardatu eta gero, hainbat gudari bidali zituzten gure mendietara, zelatari lanak egitera. Euren funtzioa inguruko herrietako biztanleei hegazkinen presentziaz abisua ematea izaten zen, babeslekuetan sartu zitezen. 

    “Gure neba izan zen abisua iragartzen zuten kanpaiak joz aritzen zena, Bere postua Andra Maria elizako kanpandorrea zen. Bere lana Aixerrotako bandera gorria zaintzea zen”

    “Goiz horretan elizako kanpaiak eten gabe joz aritu ziren, baina nik ez nien kasu gehiegirik egin. Beti errepikatuz aritzen ziren, bereziki eguraldi ona egiten zuenean (...) Une zehatz batean, kanpaiak entzutean, zerura begiratu genuen eta ikusi genituen Ajangiztik hurbil hegazkin batzuk, gainbehera bizian jaisten”

    “Babesleku guztiek antzeko eraikuntza zuten. Pinu enborrek osatzen zuten oinarria eta sabaia. Enborren gainean bost milimetroko altzairuzko plantxak ezartzen ziren eta gainean hondarrezko zakuekin egindako bi kapa. Andra Mari kalekoa zen bukatu gabe zegoan bakarra“

  • 1937-03-31  Bizkaiko eraso nagusia

    1937-03-31  Bizkaiko eraso nagusia

    Egun hartan Mola jeneralak, altxamendu faxistako jeneralen artean iparraldeko erasoaz arduratu zenak, Bizkaiaren kontrako eraso nagusia abiatu zuen.  Aurreko egunetan hegazkinetatik botatzen zituzten papertxoek erasoa iragartzen zuten. Hala ere, inork ez zuen pentsatu populazio zibilaren kontrako erasoa horren gogorra izango zenik. Fronteko lerroak gogor bonbardatzeaz gain, egun horretan Durango ere bonbardatu zuten. Aurrekaririk gabeko eraso honen ostean, bazegoen Gernika bonbardatuko zuten susmorik. Izan ere, Gernika Durango-Bermeo-Bilbo-Lekeitio errepideen bidegurutze garrantzitsua zen. Arrazoi honegatik  Gernikan gudari asko zeuden astelehen hartan. 

    Ni Saseta batailoiko Zarragoitia konpainiako gudaria nintzen. Urkiola inguruan gogorki borrokatu genuen eta Gernikara bidali gintuzten lau eguneko deskantsua egitera. 23an heldu ginen eta Agustindarretan kokatu ginen

     

  • Gernikan azoka eguna

    “Astelehen goiz hura ohikoa zen niretzat. Zarauzko errefuxiatua nintzen, nire herria Mola jeneralen tropek hartua zutelako. Beste bi neskarekin batera Bilbora joan nintzen hasieran, baina han zegoen janari gabeziak eraginda Gernikara mugitu ginen. Gerra hasi zenean, gero eta jende gehiago zetorren Gernikara; errazionatu gabe zeuden jakiak eros ahal zizkieten baserritarrei. Trenak eta autobusak jendez lepo heltzen ziren, Bizkaiko bazter guztietatik”

    “Gernikako astelehenetan izugarri gozatzen genuen. Azoka egunak baino gehiago ziren. Plazako dantzaldia seiak edo zazpiak aldera hasten zen, pilota partidaren ondoren”

  • Lumora bidean

    “Azkenik, nire zulotik atera eta Juntetxera zuzendu nintzen Gernikako Arbola ea zutik zegoan jakin nahi nuen. Uztarri bati lotutako idi parea ikusi nuen, lasaitasun osoz jaten eta behar bada inoiz helduko ez ziren jabeen zain”

    “Lumoko errepidean, ur biltegiaren alboan, hainbat gorpu topatu  zituzten. Beranduago ikusi genuen nola jaisten zituzten. Aritzen etxearen aurrean jarri zituzten. Ez genituen ezagutzen. Sexua baino ezin genuen bereizi”

    “Andra Mari elizatik gertu sekulako zuloa ikusi nuen. Lumoko errepiderantz joan nintzen korrika. Ur biltegi alboan etzanda babestu nahian zeuden batzuk eta beste batzuk platanondo baten azpian”

    “Lumora joatea erabaki genuen orduan. Udetxea izeneko etxetik gertu zenbait gorpu ikusi genituen. Handik hurbil beste platanondo bat zegoen erorita eta inguruan gorpuzkin gehiago zeuden. Azkar pasatu eta aurrera jarraitu genuen. Azkenik Lumora heldu ginen. Handik goitik herriak nola hartzen zuen su ikusi ahal genuen”

    “Bonbaketariak hirunakako taldeetan zihoazen. Ibarretik agertzen ziren, V-ak eginez eta gure aurretik pasatzen ziren. Tirokatzen hasi gintzaizkien, baina ez zuen ezertarako balio. Aurrera jarraitu eta erdigunean deskargatzen zituzten bonbak”

    “Gernikara jaisten, lurreratuta zegoen zuhaitzaren lekura heldu ginen. Alde guztietatik gorputz laurdenkatuak zeuden. Bonba handi batek lehertu zuen euren ondoan. Gazte bat bizirik aurkitu genuen, Zerbait esan nahian begiratzen ninduen. Osaba esan zidan. Nire loba zen eta ez nuen ezagutu. Egun hartan hil zen”.

    Garaiko testigantzak
     

Atzera
©2017 Gernika-Lumoko Udala