1937ko apirilaren 26a zen, astelehena, Gernikan azoka eguna. Giro nahasia bazegoen ere jendea normaltasun baten barruan bizi zen. 5.000 biztanle inguru zituen herrian ia jende kopuru bikoitza zegoen (errefuxiatuak, gudariak, Bizkaiko hainbat lekutatik azokara etorritakoak...). Hegazkin alemanek eta italiarrek 30 tona bonba inguru bota zituzten gure herrian. 250 kg-ko bonba apurtzaileak eta 1,5 kg-ko bonba su-eragileak.
Orduan jendea ihesean hasi zen. Hainbatek babeslekuetara jo zuten. Beste askok errepideetatik Forua, Muxika, Ajangiz eta Lumo aldera ihes egin zuten. Txango honetan Lumoko bidea hautatu zuten haien oroimen bidea egingo dugu.
Asko izan ziren Lumora bidean lur erretenetan, zuhaitzen babesean zein errepidean bertan bizia galdu zutenak. Horien memoria “Egurtxikik” bildutako testigantzei esker berpiztu zen bonbardaketaren 80. urteurrenean. Gaurko txangoan testigantza haietako asko izango ditugu gogoan, oroitzen dena ez baita inoiz hiltzen.