Txango honetan Muxikako udalerrian zehar ibiliko gara, bertako auzo, ibar, baserri, baso eta tontorrak ezagutzeko. Gernika-Lumotik abiatu eta Muxika aldera joko dugu. Horretarako Lurgorrira joango gara lehenik eta handik Arana auzora. Auzo honetako landa eremua eta baserriak atzean utzi eta bidegorriari jarraituz Araneko gasolindegira helduko gara. Herri bide zahar bati esker Muxikako Kurtzerora joan ahal izango gara, errepidera irten gabe.
Kurtzero auzoa zeharkatu eta Zubierrota atzetik San Romanera doan errepidera helduko gara. PR-BI 182arekin bat egingo dugu hemen eta bidean gora Muxikako dorretxe aurretik eta San Roman ermita albotik pasatuko gara. Auzo errepidea gidari, Urkietako artera helduko gara. Ehunka urte dituen zuhaitz honen itzalpean artalde ederrak babestuko ziren.
Arte alboan dagoen baso bidean gora jarraituko dugu, pista nagusira heldu arte. Hemen, PRa albo batera utzi eta gorantz jarraituko dugu, Arburuko tontorrera heldu arte. Bikaina da tontorreko ikuspegia.
Jarraian Arburutik Atxelirantz joango gara. Gurutze eder bat aurkituko dugu Usparitxa gainean dagoen tontor txiki honetan.
Errepublika garaian debekatuta zegoen mendi tontorretan gurutzeak jartzea eta Atxelikoa ere kendu zuten. Baina 1932ko urriaren 8an zazpi gaztek, 8,5 m luzeran eta 2,5 m zabaleran zituen gurutzea igo zuten gabaz Usparitxatik Atxelira, eta zutunik ipini zuten gaurko gurutze berriztua dagoen lekuan.
Eurenak eta bi egin behar izan zituzten estrata zaharretan gora eta gauez gurutzea altxatzeko. Ekintza haren gora beherak Balendin Enbeitak bildu zituen Atxeli mendi izeneko bertsoetan.
Atxelitik Ariatzara joateko pista nagusira jaitsiko gara lehenik eta gero Txakale auzoko gorengo baserri albotik abiatzen den bidea hartuko dugu, Usparitxara heltzen den pista.
Mahastiak zeharkatzen ditu Usparitxa eta Ariatza arteko bide zaharrak. Beraz, ardo-landara hauen artean egingo dugu txangoaren azken zatia, Ariatza auzoaren edertasunaz gozatzen dugun bitartean.