Gernika-Lumo eta inguruak ezagutzeko ibilbideak

17. ibilbidea. Gaztelugatxe... lurra eta itsasoa, aurrez-aurre

Bermeo - Gibele - Matxitxako - Lurgorri - Ermu - Gaztelugatxe - Eneperi - Mendialde - Bakio

  • Luzera: 14,6 km
  • Gehienezko malda: 220 m
  • Zailtasun maila: Ertaina

Bizkaiko kostaldea ederra da benetan. Bermeotik Bakio aldera joko dugu txango honetan eta bidean Gaztelugatxeko biotopo babestua zeharkatuko dugu. Asko dira Matxitxako eta Gaztelugatxe artean babestutako eremu natural honek erakutsiko dizkigun altxorrak. Goazen horiek ezagutzera!
Bermeora trenez zein autobusez heltzeko aukera dugu eta gero Bakiotik autobusez bueltatzeko aukera izango dugu, baina kontuz, Bakio-Bermeo autobusa uda garaian baino ez baitago. 
Bermeotik Bakio alderako errepidea izango dugu gaurko txangoaren lehen zatian ardatz. Kontu handiz joango gara errepide bazterretik Matxitxakoko eskola zaharrera heldu arte. Hortik aurrera auzo errepide zaharretik jarraituko dugu Matxitxakoko lurmuturreraino.
Bidexka txiki batek lotzen du Matxitxako Lurgorrirekin, aldapatsua da, baina Gaztelugatxe aldera ikuspegi ederra eskaintzen digu. 
Lurgorritik Ermura errepide zaharretik egingo dugu eta behin Ermun, Gaztelugatxera jaitsiko gara.  240 eskailera igo beharko ditugu ermitara heltzeko. Azken eskaileretako batean aurkituko dugu San Juanen hirugarren oinatza.. 
Gaztelugatxetik Eneperira igoko gara eta ostean Bakio aldera jaisten hasiko gara, Baselizen ibilbidetik, mahatsondoen hosto horiak dituen seinaleei jarraituz. 
Kostaldeko edertasunak sorginduko gaitu eta konturatu orduko Bakiora helduko gara.

Eskuratu hemen mendira joateko behar duzuna


©2017 Gernika-Lumoko Udala