Gernika-Lumo eta inguruak ezagutzeko ibilbideak

7. ibilbidea. Berrekondo eta Golako erreketako arroetatik

Gernika-Lumo - Kanpantxu - Estilotza - Berrekondo - Aldiz - Golako - Ikadia - Berriondo - Zarra - Elexalde-Arratzu - Loiola

  • Luzera: 16 km
  • Gehienezko malda: 285 m
  • Zailtasun maila: Ertaina

Txango honetan Oka ibaiaren bi ibaiadar nagusi ezagutuko ditugu: Berrekondo eta Golako errekak. Berrekondo Mendatako Elexalde eta Albiz auzoen artean jaiotzen da eta Golako erreka, ostera, Oiz mendiaren magalean.

Gernikako hirigunea atzean utzi eta Oka ibai ertzetik Ajangizko ibarra zeharkatuko dugu lehenik, ortu eta baso artetik, harik eta Kanpantxuko zubira heldu arte. Hemen batzen du Okak Berrekondo errekaren ura. Ibaiadar hau izango dugu bidelagun tarte luze batean. Errekan gora egingo dugu eta bidean Goikoerrota eta Estilotza erroten albotik igaroko gara. Lehena jauregia izan ohi zan, baina burdinola, errota eta zentral elektriko txikiaren lanak ere egin zituen. Estilotza, berriz, Mendatak Berrekondon izan duen errota bakarra da, gainontzeko guztiak Golako erreka ertzean egon baitziren. Estilotza albotik igaro eta berehala ezkerretarantz joko dugu, Berrekondo erreka parean dugun pista handi batetik, harik eta Albiz auzora igotzen duen herri-bide zaharra hartu arte.

Albiz auzoan ditugu Madalen eliza eta Albiztarren leinuko dorretxearen aztarnak eta jauregia.

Albiztik Golako erreka ertzera jaisten den pistan behera egingo dugu jarraian, GR 38tik -ardoaren eta arrainaren ibilbidetik-, Ikadia errotara heldu arte. Zaharberritutako errota honek oraindik mantentzen ditu errotarriak eta errota martxan jartzeko makinaria. Zubi sendo batetik Golako erreka zeharkatu eta ezkerretara joko dugu, errekan behera, Berriondorantz. Bidean, Santa Eufemia ermita albotik igaroko gara. Santa honi gerriko minak osatzeko eskaera egiten ohi zaio.

Berriondon Donejakue bidearekin topo egingo dugu eta errepidetik, kontu handiz, Zarra auzoraino helduko gara. Zarra auzoa zeharkatu eta Elexalde-Arratzurantz doan bidean Montolan dorretxera desbideratzea gomendatzen dizuegu, ikuspegiaz gozatzeko. Txangoaren azken zati honetan harrizko bide zaharrak eta baso ederrak ikusiko ditugu. Artzubiko zubi ederretik Golako zeharkatu eta Elexalde auzora igoko gara lehenik, jarraian Loiola auzora jaisteko.

Eskuratu hemen mendira joateko behar duzuna


©2017 Gernika-Lumoko Udala