Gernika-Lumoko bazter guztiak ibili ditugula dirudi. Baso naturalenak, baserri ederrenak, bide zaharrenak, bazter magikoenak... ezagutu ditugu eta errekaren soinuekin, loreen usainekin, txorien kantuekin eta, zergatik ez, txakurren zaunkekin gozatzeko aukera izan dugu.
Ederrak izan dira hamaikatxo bidetan zehar azken 10 urtetik gora egin ditugun txangoak. Baina, txango hau Berbalagunkideentzat berezia da oso. Izan ere, Ganaga tontorra izango dugu helburu, “Berbalaguneko plakatxoa gorderik duen tontor txikia bezain ederra”.
Tontor horretara igotzeko Lumoko Zallo auzoa zeharkatuko dugu lehenik. Lurgorriko Santa Luzia ermita albotik igaro ostean, erreka ertzetik, auzo bidean zehar, Arribaltzara igoko gara. Hemendik, kontu handiz, errepidea zeharkatu ostean Amillagarantz jarraituko dugu, astiro-astiro, aldapan gora. San Martin ermita, bere iturriarekin, atseden hartzeko leku ederra da.
Ermitan gora jarraituko dugu gasaren bidetik artez, Lumo eta Errigoiti arteko errepidera heldu arte. Han ezkerrerantz joko dugu, Elorrieta baserriko bidegurutzera heltzeko. Pistan 50 m aurrerago, eskumako partean bidezidor bat abiatzen da, aldapan gora, Ganagako tontorrera heltzeko. Aspaldi erakutsi zigun Txikik tontor honen edertasuna. Gutariko askok, Gernika-Lumoko tontorra izan arren, ez genuen ezagutzen. Kosnoaga tontorraren albo batean lotsati ageri da Ganaga. Eta agian horregatik aukeratu dugu Berbalagunkideon tontor. Ganagara bueltatuko gara...nahi dugun guztietan.
Ganagatik Kosnoagara joko dugu. Tontorra inguratu eta ikuspegiaren edertasunaz gozatu ostean, Lumora jaitsiko gara, Monasterion behera, landa eta basotxoak zeharkatuz. Lumoko errepidean behera egingo dugu baina ardi eta ahuntzak dauden landa albotik igaro ostean, eskumatik abiatzen den eta Zigertatxu baserriraino jaisten den herri-bidetik jarraituko dugu. Zigertatxutik behera udaletxeko plazara helduko gara.