Ezagutu gure bazterrak
Gernika-Lumo, mendialdetik ibarreraOma eta Basondo
Iraganera bidaiatzen dugula dirudi Oma eta Basondoko haranetatik gabiltzanean. Bertan, edertasun handiko baserriak, lagarrak, karobiak, ermita eta auzo eskola ikusiko ditugu. Artadiko baso itxian ondarea are aberatsagoa da. Basurdeek, orkatzek, azkonarrek eta katajineteek, besteak beste, baso hauetan dute bizileku eta babesleku aparta. Beraiek, eta beste gutxi batzuek baino ez dituzte ezagutzen mantu berde honen babespean gorderik dauden ehunka kobazulo.
Omako erreka ederra lur azpian galtzen da Bolunzulon. Hemen eraiki zituzten antzina Oman horren ohikoak izan ziren errotetako bi. Ederrak dira hauen aztarnak.
Santimamiñe
Gazte talde batek aurkitu zituen 1916. urtean Santimamiñeko margolanak. Urte batzuk beranduago Aranzadi, Barandiaran eta Egurenek osatutako taldeak kobazuloa ikertu zuen. Garai hartan abiatutako ikerlanak oraindik ez dira eten.
Berrogeita hamar bat irudik osatzen dute Santimamiñeko margo bilduma. Bisontea da gehien agertzen den irudia (32), baina honekin batera zaldi (6), orein (1), uro (1), ahuntz (7) eta hartza (1) ere agertzen dira. Gehienak beltzez margotuta daude eta oso gutxi dira grabatutakoak. Zehaztea zaila den arren, badirudi irudiak Behe Madaleinekoak direla.
Santimamiñekoa da Nabarniz eta Ereño arteko mendigune honetan dagoen kobazulorik garrantzitsuena, baina ez bakarra. Hor daude Sagastigorri, Ondaro, Aretxalde, Kobaederra..