Gernika-Lumotik Belendiz aldera dugun bidegorritik egingo dugu txango honen lehen zatia. Bidean Olesko eta Uarka auzoak zeharkatuko ditugu eta bertako baserri, errota, dorretxe eta ermitak ikusteko aukera izango dugu. Baserri hauetako batzuk oraindik mantentzen dituzte ohiko labeak, ortuak eta animalientzako korta eta bazkalekuak.
Pinu artean, auzotik aparte dugu San Lorentzo ermita ederra eta handik gora egingo dugu Basobarriko bidegurutzera heltzeko. Hortik aurrera, Lezikara heldu arte, PR-BI 180aren marka zuri-horiak jarraitu beharko ditugu.
Omako baso margotura helduko gara lehenik eta bertako irudi artean osteratxo bat egin eta gero, Omara jaitsiko gara. Haran honen edertasunak ez du parekorik gure eskualdean. Inguruko mendi eta artadietan aurkitu zuten bizilekua garai desberdinetan gure arbasoek. Eta haranaren behealdean eraiki zituzten inguru honetako baserri ederrenetakoak, duela ehunka urte.
Oma erreka isila Bolunzulon sartzen da mendi barrenean. Hurbil zaitez!
Basondoko harana zeharkatu eta gero Santimamiñeko koba izango dugu ikusgai. Har ezazu tartetxo bat bere historia ezagutzeko!
Santimamiñeko ermita albotik, artadiaren mugatik, Gautegiz-Arteagako Olaldera jaitsiko gara. Oraindik ikusi ditzakegu errekasto txiki honek martxan jarri zituen errotetako batzuk. Txangoa bukatzeko herriko plazara heldu beharko gara.
Toponimia, hizkuntza ondarea
Lekuan lekuko toponimiak historiaren parte bat gordetzen du; baserrien izenak, gertaera jakin batenak, lekua bera deskribatzen duten izenak, izen mitologikoak... Gure eskualdean toponimiak berba egiten digu. Entzun diezaiogun!
Badakizu
Olak burdin lantegiak izan ziren. Boluak, berriz, errotak. Ibilbide honetan erreka ertzeko lantegi hauei lotutako toponimo ugari aurkituko dugu: Bolunzulo, Oleta, Goikoerrota, Olakoerrota...