Arabar Errioxatik Bermeora mandazainek egiten zuten bidea ez zen beti leku beretik pasatuko. Ezinezkoa da jakitea Erdi Aroan merkatariak nondik nora ibiltzen ziren gure eskualdeko bide horietan.
Txango honetan bide historiko horren puntu garrantzitsuenak lotzeko sortutako ibilbidea egingo dugu, GR 38. Beraz, marka zuri gorriak jarraitu beharko ditugu Gernikatik Bermeora joateko.
Udaletxe aurretik abiatu eta Villa Argentina alboan Errege Bidera igoko gara. Santa Ana ermita albotik igaro eta Urdaibaiko dorrea eta San Kristobal ermita dauden auzunera doan bide zaharretik jarraituko dugu.
Aldapa igo eta Urberuaga auzora helduko gara, Atxondoko harrobi alboan ezkerretik jarraitzeko. Baina lehen bihurgunean, auzo errepidea albo batera utzi eta Upeta erreka bazterretik Urtxurriñora doan bidea hartuko dugu. Hasieran pista zabal batetik joango gara, baina hau pixkanaka estutu egingo da.
Urtxurriñon eskumako bidea hartuko dugu, Ikazurieta auzoa inguratu eta Birjinarestitik Altamirara jaisteko.
Altamiratik, Paresiko bidetik, Alarbingoikoa errotara helduko gara. Herribide zahar bat dago hemendik Goierri auzora. Bidean Sorbituagako iruinarri albotik igaroko gara. Merezi du hau bisitatzea.
Iturbetik Larragora hormigoizko pista zabal batetik joango gara. Istorio bitxiak gordetzen ditu Larragoko iturriak.
Pistari jarraituz Larrazabale auzo-eskola albotik igaroko gara, jarraian Urkiobeko bidegurutzera heltzeko.
Eskumako bidetik jarraituko dugu, Urkiobetik Pakotene baserrira doan pistatik, baina azken honetara heldu aurretik ezkerreko partean Katillotxu aldera doan baso bidea hartuko dugu.
Katillotxuko multzo megalitikoko hainbat trikuharri ondotik pasatzen da GR 38a. Behin tontorrera helduta, mendian behera, Bermeo aldera jaisten den pista eta osteko errepidea jarraitzea besterik ez dugu Demikura heltzeko.
Demikutik Bermeora jaitsiko gara eta Kurtzio ermita aurretik pasatu ostean Lamera parkera helduko gara, amaiera puntura.