Gernika-Lumo eta inguruak ezagutzeko ibilbideak

2. ibilbidea. Mendialdetik goi estuariora

Ezagutu gure bazterrak

Gernika-Lumo, mendialdetik ibarrera
  • Goi estuarioa

    Oka ibaiaren estuarioa Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren bihotzean dago. Mareek desberdin eragiten dute estuarioko hiru eremu nagusietan - goi, erdi eta behe estuarioan- eta horrek hainbat ekosistema agertzea eragin du. Horrela behe estuarioan hondartzak aurkituko ditugu, baina itsasadarrean gora, marearen eragina txikiagoa den eremuan, lezkadiak nagusituko dira. Hala ere, gaur egungo paisaia gizakiaren eta naturaren mendeetako elkarreraginaren emaitza da. Aipatzekoa da lezkadiak inguratuz agertzen den landazabala. Hemen baserria da nagusi eta honi lotutako ortu, baso, hesi bizi eta zelaiek mosaiko benetan bizia osatzen dute. Nekazaritza eta abeltzantzaren ondorioz sortutako ekosistemak balio ekologiko eta kultural handia du.

  • Hegaztien babeslekua

    Goi estuarioan bizi diren animalien artean aipagarrienak dira bisoi europarra, mokozabala eta arrano arrantzalea. Hala ere, bide hauetatik osteratxo bat egitea besterik ez dugu lezkadia eta honen barruko kanaltxoak hegazti espezie ugarirentzat habia egiteko, atseden hartzeko eta elikatzeko habitat aproposa direla ikusteko. Izan ere, Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuan (HBBE) gaude. Lertxun hauskara, lertxuntxo txikia, antxeta mokogorria, kaio hankahoria, ubarroi handia, txirri arrunta, txirritxo handia, kopetazuri arrunta, uroilo arrunta, lezkari arrunta eta martin arrantzalea dira, besteak beste, goi estuarioko lezkadi eta ur ibilguetan aurkituko ditugun hegaztiak.

Atzera
©2017 Gernika-Lumoko Udala