Gernika-Lumo eta inguruak ezagutzeko ibilbideak

2. ibilbidea. Mendialdetik goi estuariora

Gernika-Lumo - Bastegieta - Goikoerrota - Armotxerri - Urberuaga - Forua - Itsasadarra - Barrutibaso - Barrutia - Gernika-Lumo

  • Luzera: 12,5 km
  • Gehienezko malda: 260 m
  • Zailtasun maila: Baxua

Gernika-Lumok dituen mendiko ibilbide laburretariko (PR) bat da hau, PR-BI 181 Estuarioaren bihotzetik ibilbidea izenekoa. Ibilbidea seinaleztaturik eta ikur zuri horiekin markaturik dago, eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbak eskaintzen dituen 10 ibilbideetako bat da.
Txango honetan Urdaibaiko Biosfera Erreserbako goi estuarioa ezagutzeko aukera izango dugu. Baina lehenengo Gernika-Lumok eskaintzen digun mendi aldeko paisaiatik osteratxo bat egin ahalko dugu.
Udaletxetik Andra Mari elizara igo eta handik Gernikako Arbola ondotik pasatuko gara, Josefinen erresidentziara heltzeko.

 

Galtzada zaharrak lotzen du Gernika-Lumoko herrigune nagusia Lumoko San Pedro auzoarekin. Ikuspegi ederra eskaintzen digu Lumok. Auzoko iturri zaharrean egarria asetu ostean, Bastegieta auzorantz jarraituko dugu, errepidetik. Basaltozko substratua ageri da bide ertzean eta honen gainean Gaztainadi ederra eta artadi kantauriarra hazten dira. Bastegietara heldu aurretik Kosnoaga mendira igotzeko aukera dugu.
Bastegietatik Berriz aldera doa ibilbidea Hemen hasten da Baldatika errekara jaisten den malda handiko bidea. Kontuz ibili hezetasun handiko egunetan irrist egin gabe!
Baldatika errekako urek hainbat errota jarri zituzten martxan, horietako bat dugu Goikoerrota. Baso pista zabal batek lotzen du Goikoerrota Foruko Armotxerri auzoarekin. Hemen izango ditugu ikusgai San Kristobal ermita eta Urdaibai dorrea; azken honek Biosfera Erreserbari izena ematen dio.

Foru aldera jarraituko dugu eta erromatarren kokaleku albotik igaro ostean, goi estuarioan sartuko gara. Zubi eder batek lotzen ditu berriz ere hainbat urtetan banaturik egon diren itsasadarraren bi ertzak.
Kortezubiko Barrutibason zehar egingo dugu aurrera, baserriez eta hauei lotutako ondare natural eta kultural aberatsaz gozatzen dugun bitartean.
Harizti eder bat zeharkatu ostean helduko gara Barrutiara. Hortik berriro itsasadarrera jo behar dugu, jarraian Gernika-Lumora heltzeko.

Eskuratu hemen mendira joateko behar duzuna


©2017 Gernika-Lumoko Udala