Gernika-Lumo eta inguruak ezagutzeko ibilbideak

10. ibilbidea. Arrola. Burdin Arora bidaia

Gernika-Lumo - Barrutia - Elorriaga - Belendiz - San Lorentzo - Zearreta - Arrola - Gastiburu - Loiola-Arratzu

  • Luzera: 16,7 km
  • Gehienezko malda: 560 m
  • Zailtasun maila: Ertaina

Gastiburuko mendilerroan Burdin Aroko aztarnategi nagusienetako bat dago. Bertan daude Arrolako Oppiduma eta Gastiburuko Santutegia. Txango honetan horiek ezagutzeko aukera izango dugu, Gernikatik abiatu eta Arrolako tontorrera igotzen den ibilbide eder honi esker.

Udaletxe aurretik abiatu eta itsasadarrerantz joko dugu. Errenteriako zubia zeharkatu eta ezkerretarantz egingo dugu, errekaren eskumatik, Barrutia auzoraino. Arratzuko auzo honetan dago Barrutiako dorretxea, Elorriaga eta Belendiz aldera jarraitzen duen auzo bidearen albo batera. Baserri, ortu eta landa artetik joango gara, landazabalaren paisaiaz gozatuz, harik eta San Lorentzo ermitara heldu arte. Baso pistei jarraituz egingo dugu aurrera, pinu artetik, Basobarriko bidegurutzera heldu arte. Omako baso margotura jaisten den ibilbidea albo batera utzi eta mendian gora jarraituko dugu, eskumako pinuditik. Zearretagoikoa baserri ondotik pasatu ostean Nabarnizko errepidera helduko gara. Hau zeharkatu eta aldapan gora egingo dugu, harik eta Arrola mendira heldu arte. Gailurrak ikuspegi ederra du.

Mendigain guztia hartzen zuen gotortutako herrixkak. Tontorretik ezkerraldera jarraitu besterik ez dugu Oppiduma zeharkatu eta harresiak izan zituen ate nagusienetako bi ezagutzeko. Azken honen alboan ikus ditzakegu etxebizitzen aztarnak ere.

Ipar-mendebaldeko atetik irten eta ezkerretarantz joko dugu, pinu artetik Arratzu aldera jaisten den pista hartzeko. Bidean Gastiburuko santutegiaren aztarnategi albotik pasatuko gara lehenik eta gero Larruzetabekoa baserri albotik.

Pista Loiola-Arratzura heltzen da, txangoaren amaiera puntura. Bertako iturrian edota herriko tabernan egarria asetzeko tartea izango dugu. Aukera baduzu bisita ezazu Arrolagunea.

 

ARROLAGUNEA

Arratzuko eskola zaharrean kokaturik dago Arrolagunea, Arrolako Oppidumaren interpretazio zentroa. Bertan herrixka bitxi honen testuinguru historiko eta kulturala ezagutzeko aukera izango dugu.

Aurretik deitu: 94 465 16 57

Eskuratu hemen mendira joateko behar duzuna


©2017 Gernika-Lumoko Udala