Gernika-Lumo eta inguruak ezagutzeko ibilbideak

18. ibilbidea. Urregarai eta bedartzandi inguruan

Aulestu - Madalen - Urriola - Orrezpen - Lekoizgana - Urregarai - Txepetxabitxe - Goierri - Barbariolabarri - Aulesti

  • Luzera: 14,4 km
  • Gehienezko malda: 650 m
  • Zailtasun maila: Ertaina-altua

Udaletxeko plazatik abiatuko gara. Panel batean jasota dago Aulestiko ibilbide sarea eta bide horietako batzuetatik ibiliko gara txango honetan. Kalean behera egingo dugu eta uraskadun iturri zahar baten eta kanposantuaren albotik pasatuko gara.  Jarraian, errepidea albo batera utzi eta eskumarantz abiatzen den auzo bidetik aurrera egingo dugu, PR-BI 26aren seinaleei jarraituz.  Lea ibilbidearekin egingo dugu topo eta bide honetatik tarte batean ibiliko gara, baina Ormaetxe inguruan bidea albo batera utzi eta Goierrirantz auzo bidean gora egingo dugu, harik eta Barbiola baserri zaharrera heldu arte. Hemen eskumatik jarraituko dugu, auzo errepidean gora, PRaren markak jarraituz, Goierriko baserri artetik (Kortabitarte, Goikoetxebarri, Iturritza...). Pinu landaketa baten erdian Lekeitio eta Ondarroa aldera doan GRarekin (GR 38.1) elkartuko gara. Puntu honetan PR-BI 26a albo batera utzi eta Urregarai aldera igotzen den GRtik jarraituko dugu. Astiro-astiro maldari aurre egingo diogu, Axolabeko eta Axolagoiko baserrien albotik bidegurutze berri batera heldu arte.

Urregaraira joateko bide bi daude, Bedartzanditik pasatzen dena eta Jantzilekutik doana. Guk azken honetatik jarraituko dugu, astiro-astiro maldan gora, edertasun handiko artadia zeharkatuz,  ikuspegiak mendi-gainera heltzen ari garela erakusten digun arte. Ederra da Jantzilekuk eskaintzen digun ikuspegia eta ederragoa laster Urregaraitik izango duguna. Lehenik erromeria ospatzen den mendiartera jaitsiko gara eta handik Urregaraira igoko gara. Santa Eufemira bidean ditugun harrizko eskailerak igo ostean alboan izango dugu gailurra eta bere ikuspegi ederra. 
Bide beretik mendi artera jaitsi eta pistan behera egingo dugu Lekoizganara heldu arte. Markinako errepidea zeharkatu eta landaketa zeharkatzen duen pistatik jarraituko dugu Orrospen baserrira jaisteko. Hemendik behera, auzo errepidetik jarraituko dugu. Urriola inguruan eskumarantz jo eta erreka bazterreko auzo bidean behera joango gara. Madalen ermita albotik igaro ostean Errekondoko parkera heldu eta dagoeneko Aulestiko herrigunetik hurbil izango gara.

Eskuratu hemen mendira joateko behar duzuna


©2017 Gernika-Lumoko Udala