Gernika-Lumo eta inguruak ezagutzeko ibilbideak

12. ibilbidea. Uribe aldera bisita

Gernika-Lumo - Lumo - Bastegieta - Sallobante -Bizkaigane - Gorbeia - Jainko-Oleaga - Libao-Arrieta - Fruiz

  • Luzera: 16,2 km
  • Gehienezko malda: 380 m
  • Zailtasun maila: Ertaina

Txango honetan Busturialdeko muga zeharkatu eta Uribe eskualdeko 23 udalerrietako bi ezagutzeko aukera izango dugu: Arrieta eta Fruiz.

Gernikako udaletxetik abiatu eta Andra Mari elizaren albotxutik, auzo errepidetik, Lumoraino egingo dugu txangoaren lehen zatian. Lumon iturri albotik, Errigoiti alderantz jarraituko dugu eta Bastegieta eta Elorrietako baserriak igaro ostean, Errigoitiko Sallobante auzora helduko gara.

Eliza, auzo eskola eta atseden-gunea ditu auzune eder honek. Iturrian egarria asetu eta aurrera jarraituko dugu, Bizkaigane aldera, baserri eder eta handien artetik, auzo bidea gidari dugula.

Benetan bikaina da Bizkaiganeko muinoak eskaintzen digun ikuspegia. Bertatik ondo bereizten da landazabalaren mosaiko bitxia: baserriak, landak, ortuak, zelaiak, pinu eta eukaliptu landaketak eta baso naturalak. Uribe eskualdeak hemen du aparteko begiratokia.

Santakurtze ermitako horman gerra zibilean hildako gudarien omenezko plaka ikusiko dugu.

 

Bizkaiganeko bidegurutzean Gorbeia auzorantz doan errepidetik jarraituko dugu. Urdaibaiko mugan gaude eta hau atzean utzi eta Uribe eskualdean sartuko gara.

Pista zabalean behera jarraituko dugu Arrietako Jainko auzora heltzeko. Arrieta da Uribe eskualdeko herririk garaiena. Auzo errepide lasaiak lotzen ditu Jainko eta Libao auzoak. Azken hau da Arrietako herrigune nagusia eta bertan ikusiko ditugu, besteak beste, udaletxea, frontoia, probalekua, San Martin eliza, Aita Patxi abade errepublikarraren omenezko eskultura eta Kurtzeperio ermita.

Errepidetik Goiri auzora helduko gara, baina hemen, errepidea albo batera utzi eta Mendiguren eta Fruizko Aldairantz doan auzo bidetik jarraituko dugu.

Txangoaren azken tartean gaude. Hemen, San Salbatore eliza (XVI-XVII. mendeak) ederra ikusteko aukera izango dugu, Mungiako errepidera heldu aurretik.

Gernika-Lumora itzultzeko, A-3519a, Mungia eta Gernika arteko Bizkaibusa hartu beharko dugu, Fruizko Aldai auzoan.

Eskuratu hemen mendira joateko behar duzuna


©2017 Gernika-Lumoko Udala