Ezagutu gure bazterrak
Gernika-Lumo, mendialdetik ibarreraUrdaibaiko estazio megalitikoa
Megalitismoak izaera monumentala duten iraganeko zenbait egitura arkitektoniko biltzen ditu. Ezagutzen ditugun monumentu megalitikoen artean trikuharriak, tumuluak eta menhirrak dira gure eskualdean agertzen direnak.
10 monumentuk osatzen dute Urdaibaiko ondare megalitikoa. Hauetatik 9, Sollubeko mendigunean daude eta bakar bat ezagutzen da Iluntzar aldean.
Txango honetan Katillotxu mendigunea zeharka dezakegu. Tontorrean daude induskatutako eta ostean interpretatutako 2 trikuharri. Bertako interpretazio paneletan irakurri ahalko ditugu iragan urrutiko monumentu bitxi hauen sekretuak.
Katillotxuko multzo megalitikoa
Trikuharriak
Taldeko kideak ehorzteko monumentuak ziren. Zentroan hileta ganbara zuten eta hau harri eta lurrez estalirik egoten zen. Normalean leku garaietan eraikitzen zituzten, urrunetik ikusteko moduko lekuetan.
Tumuluak
Induskatu gabeko trikuharriak dira. Indusketa burutu arte ezin da jakin hileta ganbara duten ala ez.
Iruinarriak
Forma luzeko harriak dira. Zutik jartzen zituzten leku estrategikoetan. Hauen funtzioa sinbolikoa zen, baina ez zuten loturarik hileta-kontuekin.