Ezagutu gure bazterrak
Gernika-Lumo, mendialdetik ibarreraErrigoiti, han goiko herria
1376.urtean sortu zen Errigoitiko uria, Larrabetzu eta Mungiarekin batera, Bizkaian izan ziren hainbat hiribildu bezala, bidegurutze garrantzitsu baten inguruan.
Galtzada zahar batek lotzen du Uria Elexalde auzoarekin. Auzo horretan daude Idibaltzagako Andra Maria eliza eta San Martin baseliza. Azken hau santutxoa da, bide ertzeko ermita. Bere forjazko hesia eskualdeko interesgarrienetakoa da, baina ermita honek badu altxor preziatuagoa: Santu beltza. Aspaldi aurkitu zuten ume bik momifikatutako gorpua eta diotenez hitz egin ezinik geratu ziren. Ordutik, asko izan dira ermitara totelkeria edo esanezina sendatzeko eskaeraz hurbildu direnak. Aurrez aurre du ermitak Andra Maria parrokia eta inguruan iturri, jolasleku eta atseden-gunea.
Morga, Uribe aldera begira
Morgak, oraindik baditu herri-bide zahar ederrak, garai batean ohikoak izan ziren harrizko hormadun bideak. Horma hauetan anitza eta oso berezia da flora eta fauna, eskosistema berezia bezain txikia osatzen duena.
Urtean behin feria ospatzen da gure eskualdearen mugan dagoen herri honetan. Mendiko ibilbide labur batek lotzen ditu Morgako auzune nagusiak eta bertako ermita, jauregi, eliza, iturri, labadero eta probalekuak ezagutzeko aukera eskaintzen digu.
Baina Morgak badu beste altxor erakargarri bat, Altamirako begiratokia. Edertasun handiko leku honetatik, egun argitsuetan, Gambe haran sakon eta ederra eta Uribe eskualdea ikusi ahal ditugu, Itsaso aldetik, deiadar mendia den Sollubeko tontorreraino. Handik hurbil dago tradizio handiko San Migel ermita .