Gernika-Lumo eta inguruak ezagutzeko ibilbideak

15. ibilbidea. Ardoaren eta arrainaren bidetik (II)

Ezagutu gure bazterrak

Gernika-Lumo, mendialdetik ibarrera
  • Arrainaren garraioa

    Ardoaren eta arrainaren bideak bi produktu hauen elkartrukea baimentzen zuen, baina garia, artilea, burdina eta beste hainbat produkturen joan etorria ere ohikoa izango zen merkantzia bide honetan.

    Arraina garraiatzeko forma asko egoten ziren, Erdi Aroan freskotan, gatzetan, ketuta... kontsumitzen baitzen. Sardinak, bisigua, sardinzarrak eta bakailaoa ziren barnealdeko merkatuetan gehien saltzen ziren arrain motak.

    XIV. mendeko agiri batean irakur dezakegunez, Durangoko Barrenkalen arrandegi bat zegoen, zeinean Bermeo, Lekeitio eta Ondarroatik egunean bertan harrapatutako arrain mota guztiak saltzen ziren.

  • Ganbeko elurzuloa

    Ardoaren eta arrainaren ibilbidean, Ganbeko basoetan, izen bereko elurzuloa dugu. Euskal Herrian ezagutu izan diren 250 elurzuloetako bat da hau. Izan ere, izozkailurik ez zegoen garaian elurra baliagai preziatua zen elikagaiak eta medikamenduak fresko mantendu, freskagarriak egin edota zenbait gaixotasunek eragiten zuten sukarrari aurre egiteko.

    Arraina garraiatzen zuten garai hartan, Bermeotik Durango edota Gaztelara bidean, mandazainentzako gai preziatua izango zen Ganbeko elurra.

    Neguan batzen zen elurra, orbelarekin banatutako geruzatan gordetzen zen elurzuloan. Ganbeko zulo honek 9 m-ko sakonera eta 5,8 m-ko diametroa ditu eta badirudi 1915. urtera arte martxan egon zela.

Atzera
©2017 Gernika-Lumoko Udala