2003.urtean jarri genuen BERBALAGUN martxan. Helburu nagusia herrian euskararen erabilera indartzea, euskaldunon sarea zabaltzea, trinkotzea eta euskara ikasten dabiltzanei bidea erraztea eta herrian bertan bidelagunak jartzea izan zen. Gaur egun ere berori du xede nagusia, erabilera baita euskararen normalizaziorako Gernika-Lumon daukagun erronka.
Ordutik hona hainbat pausu eman ditugu eta makina bat, irteera, ikastaro, hitzaldi, afari, bazkari, erromeri, Mintza Egun, txapelketa, lehiaketa antolatu dugu. Eta zenbat albiste, kartel, komunikabideetako orri eta telebista saio bete ditugu? Eta zenbat sari banatu ditugu? Makinatxo bat izan dira.
Proiektu honetako talde eragilea gara: Gernikako AEK, Aita Villasante Udal Euskaltegia, Gernika-Lumoko Udaleko Euskara Zerbitzua eta Busturialdean Euskaraz Bizi elkartea.
Baina osatu dugun euskaldun berri eta zaharren sarea ikaragarri handia eta indartsua da eta hori zeuoi zor dizuegu. Orain arte egindako lanagatik zoriondu eta hemendik aurrera ere lanean jarraitzeko animatu nahi zaituztegu. Eskerrik asko, bihotzez!
Hamaikatxo bazter eta txoko paregabe ikusteko aukera izan dugu urte hauetan. Hasierakoak txango laburrak eta talde txikiak baziren ere, laster berbalagun taldea handituz joan zen.
Hamar urtetik gora, urtean bederatzi txango, izan ditugu. Bai, eskualde honetako bazter eta txoko zoragarriak ezagutzeko aukera paregabea. Ezagutu ditugu bertoko baso ederrenak, haran erakargarrienak eta tontor maiteenak. Kobetan izan gara, trikuharriak ezagutu ditugu, Burdin Aroko gotorlekuak bisitatu ditugu eta Erdi Aroko zubi eta galtzada zaharretatik ibili gara.
Gida txiki honetan, eskaintzen dizkizugu egin ditugun ibilbideetako batzuk, guk ezagutu ditugun bazter zoragarriak zeuk ere ezagutu ditzazun.
Gernika-Lumotik abiatu eta bertara bueltatzen dira ibilbideak, batzuetan oinez, beste batzuetan garraio publikoa erabilita, beti ere, jardun erdiko plan txikiak.
Aukera ezazu zure neurriko ibilbidea. Ezagutu itzazu bide ertzeko bazter, belar, baso, erreka, tontor, auzo eta eraikin bitxiak. Animatu ingurukoak eta heldu bideari. Ez ezazu galdu ibili eta lasai hitz egiteko aukera, beti ere, euskara ahoan. Eman euskara elkarri, euskara baita euskaldun egiten gaituena.