Gernika-Lumo eta inguruak ezagutzeko ibilbideak

1. ibilbidea. Gernika-Lumo, biak bat

Ezagutu gure bazterrak

Gernika-Lumo, mendialdetik ibarrera
  • Gernika eta Lumo

    1366. urteko apirilaren 28an sortu zen Gernikako uria Lumoko lurretan, elizate honen portua zegoen lekuan. Kokapen estrategikoa zuen lur eremu txiki honek; Kantauri itsasorantz ate irekia izateaz gain bertatik igarotzen ziren Gaztelatik Bermeora eta Bilbotik Lekeitiora zihoazen bide nagusiak.

    Gernika eta Lumo arteko gorabeherak hiribildua sortu eta berehala hasi ziren, hiri-gutunak Gernikaren menpe utzi baitzituen Lumokoak ziren lur eta jabetza asko.

    Badakizu? Lumoko lurretan egon da beti Gernikako Arbola, Gernikazarra deritzon parajean. Garai batean bertan egon zen Lumoko udaletxea ere.

    Hainbat mendetako liskarren ostean, 1882ko urtarrilaren 8an, uriak eta elizateak bat egin zuten Gernika-Lumo sortzeko. Garai hartan Gernikak lurrak behar zituen indartuz zihoan industriarentzat, Lumoko lurrak.

  • Kosnoaga (273m)

    Gernika-Lumoko historia Kosnoaga mendiari lotuta dago. Tontor honek Burdin Aroko (duela 3000 urte inguruko) gotorlekuaren aztarnak gordetzen ditu. Kokaleku estrategiko honetatik itsasadarraren ikuspegia bikaina da, horregaitik garai hartan bertatik komunikazio bide nagusiak kontrolatzen zituzten.

    Kosnoagako tontorrean egon zen eskualdeko haize-errota bakarra. XVIII. mendearen hasieran, lehorte gogor batek astindu zuen gure lurraldea. Errekastoak lehortu ziren eta hamaikatxo ur-errota lan egin ezinik geratu ziren. Orduan agertu ziren Bizkaian lehenengo haize-errotak, Kosnoagakoa barne. Eraikuntza txikiak ziren, kono formakoak eta 9 m inguruko garaierakoak. Ez zuten luze iraun, baina garai latz haietan funtsezkoak izan ziren.

Atzera
©2017 Gernika-Lumoko Udala