Gernika-Lumo eta inguruak ezagutzeko ibilbideak

10. ibilbidea. Arrola. Burdin Arora bidaia

Ezagutu gure bazterrak

Gernika-Lumo, mendialdetik ibarrera
  • Arrolako Oppidum-a

    Arratzu, Mendata eta Nabarniz udalerriek bat egiten dute Arrolako mendigunean. Muga hauen azpian gorderik dago Arrolako Oppiduma, Bizkaiko Burdin Aroko herrixka indigena garrantzitsuena. K.a. IV. mendean eraiki zuten gotorlekua Gastiburuko mendilerroan. Hamasei Ha-tan hedatzen da, Arrolako tontorraren albo batera eta bestera eta harresi sendo batez inguraturik egon zen. Badirudi harresi zahar honek hiru ate izan zituela, komunikazio bide nagusienei loturik. Horien artean Ipar-mendebaldekoa da ikusgarriena, erasotzaileei aurre egiteko egitura konplexua baitu. Beste gotorlekuetan ez bezala, herrixka barruko etxeek oin angeluzuzenak dituzte. Barruan erroten eta burdin lantegien aztarnak ere aurkitu dituzte.

  • Kortabasoak

    Zerutik begiratzen badugu paisaiaren ikuspegia erabat aldatzen da. Zer dira zirkulu itxurako formazio bitxi horiek? Kortabasoak (kortak, gortak, olak, saroiak, sarobeak) dira eta Gastiburuko mendilerroan hainbat daude. Kortabasoen idatzizko aipamen zaharrena XII. mendekoa bada ere, egitura bitxi hauen jatorria askoz zaharragoa ei da. Batzuetan paisaian ezkutatzen badira ere toponimoek adieraziko digute bertan badirela. Bi neurritakoak ziren, handiak edo negukoak, haranen behealdean kokatutakoak eta txikiak edo udakoak, mendialdeko larre oparoetakoak. Horrela abere taldeak aldian-aldian batetik bestera eramaten zituzten. Kortabasoaren erdian harrizko mugarri bat egoten zen, haustarria, eta mugetan bazter mugarriak, Batzuetan haustarrian irudikatutako lerroek adierazten zuten bazter mugarrien kokapena.

Atzera
©2017 Gernika-Lumoko Udala